Olarrua

Olarrua

2011/05/10

Zientzia eta teknologia euskal gizartearen begietan

Hogeita hamar urte dira Europan zientzia eta teknologiaren gizarte-pertzepzioei buruzko galdekizunak egiten direla. Euskal Herrian, ordea, orain arte ez zen sekula aztertu zein leku betetzen duten gizartean zientziak eta teknologiak.
Hutsune hori betetzeko asmoz ekin zion 2008an Elhuyar Fundazioak, Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoko Kabinetearekin batera, "Zientzia eta teknologiaren irudikapenak Euskal Herrian (2008)" lanari. Izan ere, "Azken urteotan hazi egin da herritarren iritziak ezagutzeko premia", nabarmendu du Andoni Eizagirrek, Mondragon Unibertsitateko irakasle eta azterketaren egileetako batek. Eizagirreren ustez, horrelako ikerketa-lanek laguntzen dute identifikatzen eta interpretatzen zerk eragiten duen gizarteak jarrera bat edo beste izatea, kasu honetan, zientziaren eta teknologiaren aurrean.
Ikerketa-lanaren zati bat izan zen jendearekin eztabaida-taldeetan elkartzea edo elkarrizketak egitea, zientzia eta teknologiarekin lotutako hainbat eztabaidagairi buruz hitz egiteko. Zientzia eta teknologiako gaietan jakintza-maila bat edo beste zuen jendeak ohar batzuk edo beste egingo zituelakoan, hiru taldetan banatu zuten gizartea: batetik, Euskal Herri osoko herritar arruntak hartu zituzten kontuan; bestetik, zientzia- eta teknologia-gaietako ikasle eta ikertzaileak eta giza eta gizarte zientzietako ikasleak, eta, azkenik, zientzia eta teknologiaren arloko adituak. Lehenengo bi taldeekin eztabaida-taldeak eratu zituzten, eta, adituen iritzia, berriz, elkarrizketa bidez jaso zuten.
Alabaina, hor hartu zuten lehenengo ezustekoa: "ikerketak erakutsi du desberdintasunak uste baino txikiagoak direla" dio Eguzki Urteaga EHUko soziologoak, eztabaida-taldeak eta adituei egindako elkarrizketak zuzendu zituen ikertzaileetako batek. Horrek erakusten du, Urteagaren ustez, "gizarteak ezagutza-maila bat duela, baina ez duela erabiltzen".
Eztabaida-taldeetan nahiz elkarrizketetan bildutakoetatik, emaitza kualitatiboak atera dituzte. Horrekin batera, beste bi zati izan zituen azterketak. Batetik, gizartearen pertzepzioaren datu kuantitatiboak eskuratu dituzte. Horretarako, Fundación Española para la Ciencia y la Tecnología (FECYT) erakundeak 2006. urtean CISekin elkarlanean egindako Zientzia eta Teknologiaren Gizarte Pertzepzioaren 3. Inkesta Nazionalean bildutako informazioa erabili dute. Zehazki, EAEn eta Nafarroan laurehuna laguni egin zizkieten inkestak jaso dituzte. Eta, bestetik, Euskal Herriko prentsan zientzia eta teknologiari lotutako gaiek duten presentzia aztertu zuen 2008an Elhuyar Fundazioak ( Elhuyar Zientzia eta Teknika ren 2008ko azaroko alean eman genuen azterketa horren emaitzen berri).
Ikerketa horietatik atera daitekeen ondorio nagusietako bat da gizarteak, oro har, goraipatu egiten dituela zientzia eta teknologia. Eztabaida-taldeetan jaso da, esate baterako, zientzia eta teknologia berriei esker askoz bizimodu erosoagoa dugula, bizi-itxaropen handiagoa dugula, eta asko hobetu dela gure komunikatzeko gaitasuna. Jendeak uste du ikerketa eta garapena funtsezkoak direla herrien garapenerako eta ongizaterako.
Halaber, zientzialariak ere gizarteko talderik baloratuenen artean daude. Hain zuzen, EAEn eta Nafarroan egindako inkestetan ikusi ahal izan da zientziarekin lotutako lanbideek betetzen dituztela lanbide baloratuenen zerrendako lehenengo hiru postuak: medikuak daude lehenengo lekuan, 1etik 5erako eskalan 4,4 puntu eman baitizkiete, batez beste, herritarrek; eta zientzialariak bigarrenean eta ingeniariak hirugarrenean, 4 puntu eta 3,8 punturekin, hurrenez hurren.

No hay comentarios.:

Publicar un comentario